Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

HEGOALDE EUSKALTEGIA

03/02/2010 GMT 1

Mobbinga

hegoalde @ 19:21

"Laneko jazarpena, ageri dena baino gehiago"

Duela bi urte arte ez zen hitzik ere egiten gaiaz. Egun, laneko jazarpena edo mobbing-a badela ezin ukatuzko errealitatea da. Lan osasunaz arduratzen diren erakundeak urtetik urtera salaketa gehiago ikertzen ari dira Euskal Herrian. Salaketak, ordea, ale bakanak dira oraingoz; han-hemenka agertzen dira. Lan Segurtasunerako eta Osasunerako Europako Agentziaren arabera, langileen %9k jasaten dute mobbing-a, hau da, hamarretik batek. Kaltetuena, berriro, betikoa da: emakumea. Alde guztietatik iritsi dira gero eta ageriago den gaitzari aurre egiteko neurrien eskeak.

ZER DERITZOZU GAIAR? EZAGUTZEN AL DUZU KASURIK? BIKTIMA ZEU BAZINA, SALATUKO AL ZENUKE? ZER EGIN BESTELA?

mobbing1.jpg

27/01/2010 GMT 1

Klima aldaketa

hegoalde @ 16:23

copenhagen-climate-summit1.jpg"Kopenhageko hitzarmena, hutsaren hurrengoa"           

(Argia, 10/01/10)

Munduko 193 estatutako ordezkariak bildu dira Kopenhagen eta ez dira ia ezertan ados jarri. Azken egunean parranda egin zuten hainbat agintarik hiru orriko dokumentua sinatzeko. Adostasuna lortu omen zuten, eta bertan mende honen amaieran tenperaturaren igoera 2ºC baino txikiagoa izateko borondatea azaldu dute.

Benetan irrigarria, lotsagarria eta mingarria izan da Kopenhagekoa: denon patrikatik ateratako diruaren kontura tintaz betetako hiru orriko dokumentua baino ez dute sinatzerik izan. Beste hitz batzuekin esanda: oraingo belaunaldia ez da gai arazoari aurre egiteko, eta gure ondokoei utziko diegu ataza. Hori idatzi izan balute, bederen, adostutako dokumentuak egiazko egoera islatuko luke, eta ez orain gauden alegiazko egoera hau.

AGINTARIEN LANA ESKASA IKUSITA, NORK BERE INGURU TXIKIARI ERREPARATZETIK ETORRIKO AL DA ALDAKETA? BEHARBADA, EZ LEGOKE HORI BAINO PROTOKOLO ERAGINKORRAGORIK!! ZER DERITZOZU?

20/01/2010 GMT 1

Futbolariak soldadu zibilak dira

hegoalde @ 16:04

2008111445athleticrealsoc.jpg

(ikasbil  373404)
Egilea:  Xabier Aierdi 
  2008/02/05

Soziologoaren esanetan futbola nazio irudikatuaren metafora da eta gurea bezalako nazioetan karga sinboliko handia hartzen du.

Xabier Aierdi (Zeberio, 1957)EHUko soziologia irakasleak gogoko du futbola. Ez du lotsarik onartzeko, nahiz eta, gogoratzen duen moduan, garai batean giro progresistetan gaizki kusia egon zaletasun hori. «Baina gero Realak bi liga txapelketa irabazi zituen, beste bi Atbleticek, eta denak atera ginen armairutik. Denoi gustatzen zitzaigula konturatu ginen».

Gustatu edo ez;futbolak rol sozial garrantzitsua betetzen duela ezinda ukatu: «Batez ere,ordezkapen rola. Futbolaren bidez, taldeak zaleak ordezkatzen ditu, eta hara transferitzen ditugu gure nahitasun eta atxikimenduak. Futbolariak gu ordezkatzen gaituzten Soldadu zibilak dira, eta futbol taldea, armada zibila. Hori Bizkaian argi ikusten da Athleticen kasuan. Bizkaitar guztiak batzen dituen gune sinbolikoa da Athletic, nazio sentimenduak, ideologiak eta abar gainditzen dituena,  eta nekez aurki,genezake hain adostasun zabala biltzen duen gunerik.

Komunitate irudikatua» kontzeptua darabil Aierdik zaleen atxikimendu hori adierazteko. «Denok gara komunitate irudikatu bateko kide, norberak lotura afektiboa duen komunitateko partaide. Nik ez ditut ezagutzen euskaldun guztiak, eta ezin ditut ezagutu gainera,baina badaukat lotura ezkutu bat horiekin, komunitate irudikatu borren partaide sentitzen naizelako. Eta futbol zelaian komunitate irudikatu hori gauzatu egiten da».

Aierdik dioenez, gaur egun,kirola eta bereziki futbola izan daitezke tresnarik eraginkorrenak nazio sentimendua indartu eta gizarteak nazionalizatzeko.Gizarteetan «zementu lana» egiten du futbolak, barne kohesioa sustatu eta komunitate baten partaide izatearen sentimendua indartuz. Horrek esanahi berezia hartzen du Euskal Herrian, «batez ere, estaturik ez daukagulako. Estatu ezaren metafora izan daiteke futbolari gainezartzen diogun esangura. Gurean sinbolo handiagoak dira futbol taldeak, horren bidez neurri batean bideratzen dugulako gure izaera nazionala. Ez guk bakarrik, gure aurkariek ere bai. . Horregatik, euskal taldeak kanpora joaten direnean, Espainiako banderen kopurua handitu egiten da harmailetan

ZER DA FUTBOLA ZURETZAT?

13/01/2010 GMT 1

Krisia

hegoalde @ 18:50

image.png

Ekonomiaren kimuak

Arantxa Urretabizkaia / El Diario Vasco (09-11-17)

Hainbeste ahaleginen buruan, hainbeste sufrimenduren ostean, badirudi han-hemenka, zuhaitz zaharrak bota dituela kimu berriak. Frantzian, Alemanian, Txinan, Italian, Estatu Batuetan eta, orain, Nafarroan beherakada gorakada bihurtu omen da. Ekonomikoa, noski.

Zalantzarik gabe, agintari guztiek sartu nahi lukete zerrenda horretan, azken postuan bada ere. Beraz, zorionak gainerakoei arrastaka eramango gaituztenei, bejondeiela.

Baina kortesiak agintzen duen lehen pauso hori eman ondoren, zilegi da norantz goazen galdetzea. Askorentzat, erronka geunden lekura lehenbailehen itzultzea da, amets txar batetik ateratzen denaren modura. Helburu hori, ordea, ezinezkoa da, bizitzak eta ekonomiak ez dutelako atzerabiderik, ezin delako sekula santan abiapuntura itzuli.

Ez da falta, beste muturrean, den-dena errotik aldatu nahi duenik, aldaketa ekonomiaren oinarrietaraino eraman nahi duenik. Bitartean, ikasle saiatuen zerrendan sartu direnak ez doaz bide horretatik. Gehienez jota ere, ekonomia pittin bat aldatu dute, gauzak zeuden hartara itzul daitezen. Nafarroa bera horren adibide da.

Adituen esanetan, Nafarroako ekonomiak autoen salmentaren eskutik zuzendu du beherako bidea. Funtsezko ezer aldatu gabe eta erakunde publikoen diru laguntzari esker egin du gora barne produktu gordinak, hemen eta batez ere Europako gainerako herrialdeetan saldu diren autoei esker.

Esku beretik egingo du gora, luze baino lehen, autonomia erkidego honetako ekonomiak. Hurbil dauden gabonetako kontsumoak egingo du, gure artean, termometro papera.[...].

Jende askok lehen pertsonan pairatzen duen sufrimendua arintzen duen guztiak merezi du errespetua, baina okerreko bidetik, zenbat eta arinago, orduan eta okerrago. Seguru aski, langabezian dagoenari axola zaion lehen gauza berriz lana aurkitzea da, ahal bada baldintza onetan eta, besterik ezean, okerragotan. Hala beharturik, krisia lehertu zen momentura itzuli ezin badu, onartuko luke pittin bat atzerago egitea, gutxixeago kontsumitzea.

Ez dut uste hemendik ezer ikasi gabe atera behar dugunik. [...] Gutxienez ikasi beharko genuke zorrekin kontu izaten, banketxeek aurrean jarriko dizkiguten karameluak kutsatuak egon daitezkeela pentsatzen. Behintzat, gauden zulora itzuli nahi ez badugu.

ETA ZUK ZER, NOLA IKUSTEN DUZU 2010 URTEA? KIMU HORIEK LORATUKO AL DIRA?

08/01/2010 GMT 1

Urte berria

hegoalde @ 17:15

Berria, 2010-01-05 

Ane Muñoz

"Etorkizunaren urtea"
Ez didazue esango urte berri honek, 2010ak, ez duela etorkizunaren antzik. Bi mila eta hamar. Bi mila eta zer? Eta hamar, neska, eta hamar! Oraindik Kubricken 2001: Espazioko Odisea-tik urrun bagaude ere, aurtengoak etorkizuna iradokitzen dit niri. Bi, zero, bat, zero, etorkizunaren urtea... edo... bukaerarena?

Gogoratzen dut txikitan nola esaten ziguten 2000. urtea munduaren bukaera izango zela. Ez dakit Nostradamusek edo zeinek demontre iragarri zuen hura, baina nire ume-begi inozo horiekin, helduek benetan sinesten zutela ulertzen nuen. Animalia eta landareekin batera suntsituko gintuen eztanda moduko boom baten ondorioz, gizaki guztiak di-da batean desagertuko ginen. Baina nola, «bat, bi, hiru eta akabo mundua»? Haiek buruhausteak. Zenbat gau almoadarekin gora eta behera, ustezko betiko bukaera hark ni oraindik gazte harrapatuko ninduelakoan.

Iritsi zen 2000. urtea, ondo iritsi ere, eta gau hartako mahatsak lehor xamarrak bazeuden ere, ez zen deus berezirik gertatu. Geroztik hamarkada osoa joan da. Pezeta desagerrarazi zuten, euroaren truke. Horrekin batera, kolpez, prezioen gorakada basatia etorri zen. Mundua hankaz gora bazegoen, ostikada batez beste puntara bidali genuen, eta halaz eta guztiz, ez zen bukatu. Orain, 2010ean, badakit mundua ez dela inoiz bukatuko. Gure bizitzak itzaliz eta piztuz joango dira, eta orain gaudenok bezala, gero egongo direnek Mundua hondatzen jarraituko dute, baina ez dute akabatuko.

Zoritxarrez hondamendiak aurrera egingo duela iragarri badezaket ere, izan bedi gutxienez urte garbia, askea, bidezkoa, baketsua, lasaia eta freskoa.

 

ORAIN ZURE TXANDA HELDU DA:egin 2009 urtearen balantzea; datorren urteari begirako zure erronka nagusiez mintzatu; nolakoa izango den datorrena irudikatu eta ,azkenik, esaguzu zein den 2010ean entzun nahi izango zenukeen albistearen titularra.

 

17/12/2009 GMT 1

Gabonak

hegoalde @ 17:04

gabonak2006-txi.jpg
GABONAK
Garbiñe Ubeda Goikoetxea
(Berria, 09-11-29)

Kontsumo haurtxoaren jaiotza. Ospakizun handia heldu baino bi hilabete lehenago hasten dira hura gurtzeko errezuak. Telebista du eliza, eta iragarki estiloko jantzia sotana. Ordu erdi luzeko errosarioan hasita, ahulenak gozatu nahiko ditu lehenik, sineskorrenak. Modako aberaskumearen itxurako panpina sexi anorexiko hiper-fashion bitxizaleak, neskatoentzat. Ultraheroi transformagarri borrokazale ahalguztidunak, mutikoentzat.

Lurrinak heltzen dira gero. Gure ezintasunak aitaren batean gaindituko dituzten ur sakratuak, ametsak egia bilakatzeko mirariak: B delicious DKNY, Spirit Antonio Banderas, Intimately Beckham. Eta Age Killer bezala, betierekotuko gaituzten kremak, makillajeak. Gizontasunaren maila goratzen duten ordulariak. Maite dugunari kosta ala kosta erosi beharko genizkiokeen nolakotasunak.

Urtaroa balitz bezala epe finko baterako ezinbestean heltzen den tortura psikologiko sistematikoa da Gabonetakoa. Honezkero, ederki estututa gauzka bere atzaparretan. Ez dago inora ihes egierik.

ZUK ZER, IHES EGIN NAHIKO ZENUKE ETA EZIN AL DUZU? ZER DIRA GABONAK ZURETZAT?

15/12/2009 GMT 1

Txina

hegoalde @ 19:25

china-flag.jpg
"Txinan 43 lagun hil dira ikatz meategi batean gertatutako leherketan" (09-11-22)
Istripua ian zenean, 528 meatzari zeuden hobian; horietatik 65 lurpean harrapatuta geratu dira
Urtarriletik 1.888 hildako
Txinako ikatz meategietan sarritan gertatzen dira istripuak. Herrialdeak behar duen argindarraren hiru laurdenak ikatzaren bitartez lortzen ditu, baina behin baino gehiagotan salatu izan da meategi horietako lan baldintzak ikaragarriak direla. Segurtasunari dagokionez, esate baterako, Txinako ikatz meategi gehienek ez daukate metano gasa atzemateko sistemarik. Beraz, ez da harritzekoa leherketak maiz gertatzea. Pekingo iturrien arabera, aurtengo

"Txinak Urumqin hamar mila uigur desagerrarazi dituela salatu dute". Txinak kargu hartu dio Japoniak Pekinen duen enbaxadoreari, uigurren buruzagiari hara joateko gonbita egin diolako (2009-07-30)

(2009-12-12)
"EBk 7.200 milioi euro emango dizkie herrialde pobreenei. Garapen bidean dauden estatuek klima aldaketari aurre egin ahal izatea da Europako Batasunaren helburua Txinak salatu du epe laburrerako diru laguntzak ez direla nahikoak"
(2009-10-02)
"Handitasuna handikeriaz. Erakustaldi arranditsuak egin dituzte Txinako Herri Errepublikaren 60. urteurrena ospatzeko"
(2009-09-27(
"Analisia. Krisiak krisi"
...Txina omen da krisialditik salbu dagoen herrialde bakarra. ...
(2009-06-03)
"Twitter, Hotmail, Flickr eta Bing zentsuratu egin dituzte Txinan"
(2009-03-25)
Iaz 2.390 lagun baino gehiago exekutatu zituzten, %72 Txinan. Heriotza zigorra indarrean duten 59 herrialdeetatik 25ek bakarrik egin dituzte exekuzioak

HAU GUZTIA JAKINDA, EMAGUZU TXINARI BURUZKO IRITZIA. HERENSUGEA ESNATU AL DA? BELDURRIK IZAN BEHAR AL DIOGU?

02/12/2009 GMT 1

Genero indarkeria

hegoalde @ 17:27

BERRIA, 2009-11-28
Anjel Lertxundi

PUTA!

Aspaldikoa da pasadizoa, gaztelaniaz entzun nuen lehendabiziko aldiz. Euskaraz dakart hona. Mojen eskola batean zebilen haur batek, etxera iritsi eta honela errezatzen omen zuen: «Agur Maria, graziaz betea, ixo!, Jauna da zurekin...». Ixo hori, begi-bistakoa da, mojak errezoaren erdian umeei botatzen zien agindua da.

Egunotan irakurri berri dut, genero indarkeriaren harira argitaratu diren lan ugarien artean, ume batek puta deitzen ziola bere amari ama deitu ordez, aitari horixe entzuten ziolako behin eta berriro.

Izugarrikeria, egunerokotasun bihurtua; izugarrikeria, haur baten galbahe psikologikoak eta linguistikoak normaldua, eguneroko bihurtua.

Idazle senak eszena irudikatzera narama. Gau lazgarri baten ondoren, ama umeari gosaria ematera doanean, txikiak amari... Kanpotik begiratzen ari naiz ni, elipsi bat egin dezaket. Haurrak, ez. Izugarrikeriak dena lohitzen du, izugarrikeriak ez du elipsirik.

25/11/2009 GMT 1

Celda 211

hegoalde @ 20:18

celda-211-teaser-trailer-y-poster.jpg

Zinema leihatiletan arrakasta izaten ari da. Diotenez, "2012" filmaren estreinaldiak ez dio lehia handirik suposatuko, denon ahotan dabil eta horrek bere alde egingo omen du.

Daniel Monzonek gidoi sendoa eta osatua ekoiztu omen du eta Luis Tosarren lana paregabea omen da. Goya saria jasotzeko hautagaitzat daukate dagoeneko Luis askok eta askok.

Oso film entretenigarria omen da, nahiko sekuentzia gogorrak dituena portzierto. Ez omen du inork txintik esaten aretoan, eserlekuan itsatsita baleude bezala. Gainera gidoiak Ameriketako "happy end" delakotik urruntzen gaituen zenbait ezusteko omen ditu.

Hau guztia ikusita, gaur bertan ikuslearen eguna dela aprobetxatuz, badakizue astegun buruzurian aparteko zerbait egiteko, zinemara joan eta berau ikusiko dut. Esango dizuet zer iruditu zaidan!!
ARAN

AHT

hegoalde @ 12:38

3265604227_f14ce229e8.jpg

"DIRU MURRIZKETAK ABIADURA HANDIKO TRENAREN IBILBIDEARI"
www.berria.info (09-10-28)

Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen krisi ekonomikoa dela-eta abiadura handiko trenaren lanak «pixka bat» atzeratu egingo dituztela, EAEko 2010eko aurrekontuetan inbertsioetan iaz baino 260 milioi euro gutxiago jarri dituztelako. «Proiektu batzuk atzeratu egingo dira krisiagatik, baina ez dugu haietako batere bertan behera utziko», esan du Lakuak. 225 milioi euro ipini dituzte AHTrako.

Eta orain konturatu al dira gehiegizko gastua duela AHTak?

Ez zuten bada esaten Europatik etorriko zela diru hori guztia? Non dira, bada, Europako sosak?

AHT Ez! Elkarlanekoak gezurtitzat jo izan dituzte «tren» horrek izango duen gastu ikaragarriaz kexatu direnean, eta hara! Orain dirurik ez ei dago!

Hori bai, ondo disimulatu dute, eta hezkuntza eta osasuna erabili dituzte horiei dirurik murriztu ez balitzaie bezala agertzeko. Onak dira! (ez sinetsi, aurretik gutxitu zuten dirua).

Trena maite dugulako, AHTri ez!

Alferrikakoa delako, AHTri ez!

Gastu handia duelako, AHTri ez!

Ez delako beharrezkoa, AHTri ez!

(Trenzalea)

HONEN INGURUKO IRITZIA EMAGUZU: ALDEZKOA AL ZARA? ZERGATIA ARGUDIATU. KONTRAKOA BESTELA? ARRAZOITU.

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!