Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

HEGOALDE EUSKALTEGIA

Artxiboa: Azaroa 2009

18/11/2009 GMT 1

Emakumeen eskubide urraketak

hegoalde @ 18:59

boda_en_la_india.jpg
Mundu hau aldatzeko premia handia dago!!

Bortxatu zuen gizonarekin ezkontzera behartu dute emakume bat Indian. Kairiko hiri auzitegi islamiko batek panchayat senarra eta etxea utzi eta aitaginarrebarekin ezkontzera bahartu du 28 urteko emakume bat. Aitaginarrebak bortxatu egin zuen emakumea eta bortxaketa hori garbitzeko, enakumeak harekin ezkondu beharko du orain. Zazpi hilabetez, gainera, etxea ere utzi beharko du, han bortxatu zuelako.

ZINEMA. Theo Van Gogh zinemagilea hil dute tiroz. Islamean emakumeek bizi duten egoerari buruzko film bat egin zuenean mehatxuakjaso zituen zuzendari herbeheretarrak

...Hain zuzen ere, filmaren ekoizleetako batek adierazi zuen Van Goghek ez ziela mehatxuei garrantzia handirik eman: «Bera polemikoa zen berez eta baita diskurtso askearen maisu bat ere».Submission filmak gizon batekin ezkontzera behartzen duten emakume baten istorioa kontatzen du, eta, besteak beste, senarrak eta osabak bortxatzen duteneko irudiak erakusten ditu......Hirsi Alik berak azaldu duenez, bere aitak gizon batekin ezkontzera behartu zuen, eta hori saihesteko, ihes egin zuen: «Aitak Kanadara eraman nahi ninduen, gizon hura han bizi baitzen, baina Alemanian gelditu ginen eta ez nuen hurrengo hegazkina hartu»...

BA AL DAKIZU...
-India aldean eta herri musulmanetan alaba saltzea ez da delitua.
-Milioika haur ezkontzen dituzte munduan, baita jaio aurretik ere.
-Rajasthango estatuan, haur ezkontza nozitzen duten neskato eta nerabe andana dago.
-Alemanian urtero 30 mila emakume –adingabeak asko eta asko- ezkontzera behartzen dituzte.
-2008tik 2017ra 100 milioi neskato ezkonaraziko dituzte, Save the Children erakundearen arabera.

ZER DERITZOZU? KONPONBIDERIK?

11/11/2009 GMT 1

Zain dezagun ingurua!

hegoalde @ 19:01

4%5c122121-medioambiente.png
LURRAREN MUGAK
(ikasbil, 5474)
Arantxa Urretabizkaia
2004/10/26

Begi-bistan dugun korapiloa ikusi nahi ez duenak ere badaki, martxa honetan, munduak, biosferak, lurrak ezingo duela gehiago amore eman. Duguna baino gehiago gastatzen dugula, ez daukaguna ere zorretan hartzen dugula, berrituko ez dela jakinda ere.
Edonork daki energia gehiago kontsumitzen dugula gaur, duela berrogei urte baino, hemen eta Afrikan. Agian askok ez daki epe horren buruan ehuneko zazpiehun dela energia kontsumoaren igoeraren portzentaia.

Bistan da askori ez zaiola asko axola. Etekinak gaur eta ondorioak etorkizunean. Laster hustuko ditugu itsasoak, laster pozoinduko guztiz airea, laster agortuko petroleoa. Laister, agian ordurako ez gara bizirik egongo gaur lur gainean bizi garenok, baina laister izango da.

Dirudienez, noizean behin borondate oneko elkarte eta erakunde batzuek gogoratzen ditugunez, bi bide daude munduaren galbidea zuzentzeko: lehena, gutxiago kontsumitu, bigarrena, populazioaren hazkundea mugatu.

Bigarrenari buruz ez dugu bazter honetan zerikasi askorik, baina lehenengoari dagokionez, kontsumoa gutxitzeari dagokionez, apenas hasi garen begiak zabaltzen, jaio berriak gara.

Eta aberats berriak. Ez dugu gastatzen ikasi. Batzuetan gastatzen dugunik ere ez dakigulako. Beste batzuetan ohikeriari amore ematen diogulako. Edo gu joan ondoren gertatuko dena axola ez zaigulako.

Badakigu bizi gaituen lurraren emaitzak ez direla mugagabeak, baina jakituria hori hor gelditzen da, ezertan gauzatzen ez diren hitzen linboan.

10/11/2009 GMT 1

Abortua

hegoalde @ 19:02

aborto.jpg

ABORTUAREN AUZIA
Arantxa Urretabizkaia / El Diario Vasco
09-11-04

Barkatu atzera begira jartzen banaiz, baina egunotan abortuaren inguruan entzun eta irakurritakoak aztertu ondoren, olatu batek narama iraganera, dibortzioaren eta abortuaren legeak onartu eta eztabaidatu ziren garaietara.

[...] Hain zuzen, aspaldian erabilitako arrazoibide berak erabiltzen direlako gaur, alde nahiz kontra. Aldatu dena gizartea da, horretan behintzat arrazoi du jeltzaleek landutako agiriak. Zorionez ala zoritxarrez, gaurko gizartea ez da duela mende laurdenekoa, ikuspuntu ugaritik begiratuta.

Aldatu ez dena legearen norabidea da: indarrean dagoenak eta indarrean egon daitekeenak helburu bera dute, alegia, abortatzeko erabakia hartzen duen emakumea ez zigortzea, ez espetxeratzea.

Era berean, bi legeok abortatu nahi duenaren erabakia errespetatu egiten dute. Ez dute inor abortatzera behartzen, dibortzioaren legeak inor dibortziora behartzen ez duen bezalaxe [...].

Gero, noski, sinesmenak daude. Batzuk sinesten dute umekia, ernaltzearen lehen segundotik, pertsona dela eta abortuak handik aste askotara pertsona izango dena erailtzen duela. Beraz, abortatzen duena erailea da eta haren alde egiten dutenak gaizkideak, behin eta berriro errepikatzen dutenez.

Beste batzuk sinesten dugu abortuak ez duela inolaz ere pertsona bat erailtzen eta horren kontra daudenak atzerakoiak iruditzen zaizkigu, ez gaizkileak. Ez diegu esaten abortatu nahi duen emakumeari bidea oztopatzea eta gogoz kontra ama izatera behartzea, bizitza hasi berri bat baino gehiago hondatu dezakeen tortura denik.

Bada diferentzia, ez baita berdin norbait hiltzailetzat hartzea edo atzerakoitzat [...].

Dena den, abortua guztiz debekatzen eta espetxeaz zigortzen duten legeek ez dute sekula santan inon abortua eragotzi, prostituzioa debekatzen duten legeek prostituzioari erabateko amaiera emateko gauza ez diren bezalaxe. Gehienez jota ere, abortua nahiz prostituzioa ezkutura bultzatzen dituzte, klandestinitatera.

03/11/2009 GMT 1

Prekarietatea

hegoalde @ 18:55

BERRIA-Larrepetit,Fredi Paia

'Adabekiak'

Nire umetako fraken belaun inguruak estaltzen zituzten adabaki eta politikoen aho-beteko berba diren beka izeneko diru-laguntzen arteko hitz-joko merkea, badakit.

Baina guztiok sinesten dugunez krisi ekonomiko, sozial eta politikoaren irteera ikerkuntzaren ondoriozko berrikuntzan datzala... beti izango da bidaia didaktikoa zer saltzen diguten eta zer erosten dugun alderatzea.

Lan sektore askotan prekarietatea ondokoaren txiskeroa norbereganatzea baino normalagoa den arren, ikerkuntzan, gainera, prekarietatea gizarteak ematen dizun izugarrizko aukera dela esaten dizute. Beka bat irabazi duzu, soilik aberastasun materiala apreziatzen dakien jendearentzat artaburukeria bat dena ikertzeko. Zerbaiten hasiera da, zuretzat, erantzukizunik gabeko gauerdiko erromantzea administrazioarentzat.

Ikerkuntzarako bekak, papereratu ez dena ikasteko, ilunpean kandelatxo batekin ibiltzeko irrikan dagoen jendea ikerkuntzaren mundura bideratzeko pizgarriak dira. Baina ezin da inor bideratu existitzen ez den mundu batera. Existitzen ez den herri bateko errepideko seinaleak dira. Jendea beste lan batekin tartekatuz, edo begi bat ikertzen eta bestea etorkizun bila ibiltzera behartzen dute. Kalitate gutxi, eta sufrimendu handia.

Ikerkuntzak, eraginkorra izateko, espezializatua, interdisziplinarra eta egituratua izan behar du. Bigarren baldintza letretako ikerlari uztarribakarrek ez dute inoiz ulertu. Eta egitura esaten dugunean lan talde iraunkor ugariez ari gara. Soilik unibertsitatea izugarri handituz edo enpresen bidez lor liteke. Produkzioaren gizartetik jakintzaren gizartera igarotzera derrigortuta gauden honetan.

Soilik errepideko seinaleen norantzan jendeari ohe bat eskaintzeko lekuren bat dagoenean izango dira baliagarri bekak. Ordura arte, jarraitu adabekiak ematen. Batzuek, belaunburuak odoletan dituzte eta.

ZER DIOZU HONI GUZTIARI? IZAN AL ZARA INOIZ BEKADUN? ZENBAT LAN PREKARIO DUGU INGURUAN? NOLAKOA DA ZUREA, DUINA?

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!