Prekarietatea
BERRIA-Larrepetit,Fredi Paia
'Adabekiak'
Nire umetako fraken belaun inguruak estaltzen zituzten adabaki eta politikoen aho-beteko berba diren beka izeneko diru-laguntzen arteko hitz-joko merkea, badakit.
Baina guztiok sinesten dugunez krisi ekonomiko, sozial eta politikoaren irteera ikerkuntzaren ondoriozko berrikuntzan datzala... beti izango da bidaia didaktikoa zer saltzen diguten eta zer erosten dugun alderatzea.
Lan sektore askotan prekarietatea ondokoaren txiskeroa norbereganatzea baino normalagoa den arren, ikerkuntzan, gainera, prekarietatea gizarteak ematen dizun izugarrizko aukera dela esaten dizute. Beka bat irabazi duzu, soilik aberastasun materiala apreziatzen dakien jendearentzat artaburukeria bat dena ikertzeko. Zerbaiten hasiera da, zuretzat, erantzukizunik gabeko gauerdiko erromantzea administrazioarentzat.
Ikerkuntzarako bekak, papereratu ez dena ikasteko, ilunpean kandelatxo batekin ibiltzeko irrikan dagoen jendea ikerkuntzaren mundura bideratzeko pizgarriak dira. Baina ezin da inor bideratu existitzen ez den mundu batera. Existitzen ez den herri bateko errepideko seinaleak dira. Jendea beste lan batekin tartekatuz, edo begi bat ikertzen eta bestea etorkizun bila ibiltzera behartzen dute. Kalitate gutxi, eta sufrimendu handia.
Ikerkuntzak, eraginkorra izateko, espezializatua, interdisziplinarra eta egituratua izan behar du. Bigarren baldintza letretako ikerlari uztarribakarrek ez dute inoiz ulertu. Eta egitura esaten dugunean lan talde iraunkor ugariez ari gara. Soilik unibertsitatea izugarri handituz edo enpresen bidez lor liteke. Produkzioaren gizartetik jakintzaren gizartera igarotzera derrigortuta gauden honetan.
Soilik errepideko seinaleen norantzan jendeari ohe bat eskaintzeko lekuren bat dagoenean izango dira baliagarri bekak. Ordura arte, jarraitu adabekiak ematen. Batzuek, belaunburuak odoletan dituzte eta.
ZER DIOZU HONI GUZTIARI? IZAN AL ZARA INOIZ BEKADUN? ZENBAT LAN PREKARIO DUGU INGURUAN? NOLAKOA DA ZUREA, DUINA?

Zabaldu
del.icio.us