Zain dezagun ingurua!

LURRAREN MUGAK
(ikasbil, 5474)
Arantxa Urretabizkaia
2004/10/26
Begi-bistan dugun korapiloa ikusi nahi ez duenak ere badaki, martxa honetan, munduak, biosferak, lurrak ezingo duela gehiago amore eman. Duguna baino gehiago gastatzen dugula, ez daukaguna ere zorretan hartzen dugula, berrituko ez dela jakinda ere.
Edonork daki energia gehiago kontsumitzen dugula gaur, duela berrogei urte baino, hemen eta Afrikan. Agian askok ez daki epe horren buruan ehuneko zazpiehun dela energia kontsumoaren igoeraren portzentaia.
Bistan da askori ez zaiola asko axola. Etekinak gaur eta ondorioak etorkizunean. Laster hustuko ditugu itsasoak, laster pozoinduko guztiz airea, laster agortuko petroleoa. Laister, agian ordurako ez gara bizirik egongo gaur lur gainean bizi garenok, baina laister izango da.
Dirudienez, noizean behin borondate oneko elkarte eta erakunde batzuek gogoratzen ditugunez, bi bide daude munduaren galbidea zuzentzeko: lehena, gutxiago kontsumitu, bigarrena, populazioaren hazkundea mugatu.
Bigarrenari buruz ez dugu bazter honetan zerikasi askorik, baina lehenengoari dagokionez, kontsumoa gutxitzeari dagokionez, apenas hasi garen begiak zabaltzen, jaio berriak gara.
Eta aberats berriak. Ez dugu gastatzen ikasi. Batzuetan gastatzen dugunik ere ez dakigulako. Beste batzuetan ohikeriari amore ematen diogulako. Edo gu joan ondoren gertatuko dena axola ez zaigulako.
Badakigu bizi gaituen lurraren emaitzak ez direla mugagabeak, baina jakituria hori hor gelditzen da, ezertan gauzatzen ez diren hitzen linboan.

Zabaldu
del.icio.us
Iritzia ezkorra iruditzen zaigu.
Etorkizunari buruzko iritziak beti errepikatzen dira belaunaldiz belaunaldi. Hori beti pasatuko zaigu, neurriak lehen bailehen hartu beharko ditugu eta kolaboratu behar dugu ingurumenarekin.
Aitor eta Juanjo | 2009-11-11 - 20:03:19 GMT 1 #