Martxoaren 8a
| Jesus Mari Mendizabal (06/09/12) |
| (Ikasbil-305987) |
Diferenteak dira etxeko lanak eta etxerako lanak. Azkenok eskolaumeek bizkarretik zintzilik edo lurrean arrastaka kiloka eramaten dituztenak dira: eskolako zeregin etxean egitekoak, debereak.
Etxeko lanak (sus labores, 'bereak'), aldiz, galtza barrenak josi, komuna garbitu, erratza dantzatu, alkandora lisatu, erosketak egin, gaixoak zaindu, zapatak (i)lustratu, (t)xaharrak gobernatu, xox aurreztaile izan, eta abar dira; arropak prantatu, bazkaria prestatu, maletak gertatu, umeak hezi, senarra merezi, botikak zaindu, auzoko auziak xuritu, eta abar, eta abar ; errezetak jaso eta pilak bota, barrea agertu eta lotsa gorde, labadora ipini eta hautsa kendu, komunak zuritu eta txipiroiak belztu, lagunartetik etorri eta bileretara joan, entsalada gazitu eta ohea gozatu, eta abar, eta abar, eta abar.
Horiek guztiak eta askoz gehiago dira etxeko lanak, jeneralean lanean isilik jarririk egitekoak, jeneralean etxeko amaren mende daudenak, jeneralean ez etxe kanpotik ez barrutik ikusi eta are gutxiago aintzat hartzen direnak. (Etxe-barru bakan arraroren bat edo beste salbuetsita). Alegia, hortaz, mutil argalek nahiz gizon gizenok gure andre-lagunaren graziaren isipuz kentzen ohi ditugula euliak gainetik; ez ditugula apenas etxeko egiteko horietan eskuak sartzen, horietan ez.
Gero, hori bai, behin jogurta erostea ahaztu zaiolako edo zopa berotxoa atera digulako edo galtzontziloak bere lekuan ez daudelako, sekulakoak eta bi esango dizkiogu haserre bizian: andre tuntuna, gauzaeza, inutila... Kontu, gero, zure andrearen adimendua gutxietsi. Erne. Esaera batek hala dio: «Etzazula zure emaztearen adimena dudatan ipini: begira norekin ezkondu zen».

ZER DERITZOZU GAIARI?Oscarra emakume batek irabaztea anekdota positiboa da, alabaina...

Zabaldu
del.icio.us
Mutilok, sorry baina zuenak egin du. Izan ere,hazia dohaintzan ematera zoaztenon %50-80 bitartekoen hazia kalitate eskasekoa omen da (xomorro kontu horretaz ari naiz). Bai, bai, telebistan ikusi berri dut.
Ofizio horietan ibiltzen den mutil katxarroa ere atera da bertan hizketan, lastima tabernako zaratagatik ahotsik gabe egotea aparailua; eme batek baino gehaigok nahiko luke sementala etxerako (barkatu ejem, esaera zaharra bestela da: etxerako mutila!).
Baina utz ditzagun txantxak eta harira planteatu nahi dudan hausnarketatxoarekin: egunen batean anaia-arrebak "erdizka-edo" diren bi maiteminduz gero eta... txunda-txunda... badakizue... Orduan zer?
zirimola | 2010-03-12 - 13:29:38 GMT 1 #
Sorry, sorry, behar ez zen lekuan idatzi dut-eta "xomorroen" kontuarena. Oraintxe jabetu naiz... Bueno, bide batez, teklaua astintzen behin jarrita, bi hitz 8M egunari buruz.
Garbi dago etxekoandrearen lana esker txarrekoa dela, egin gabe dagoenean aurpegiratzeko beste ezertarako ez duelako balio izaten, zein garbi eta txukun dagoen dena ez baitugu maiz goraipatzen...berriz lentejak?... nolako zapore arraroa, erre al zaizu?... hau ez zait gustatzen ama!...bihar ez zaizu okurrituko berriz ere lekak jartzea, ezta?...egunerokoak dira horrelako koplak. Baina aitortu beharra dago gauza bat dela lan merkatuaren eskasiagatik etxeko lanak egiten aritzera kondenatzea emakumea (normalean emea da eta, gainera etxekogizon izatearena gaizki ikusita ez ote dagoen pentsatzen hasita nago)eta beste bat borondatez, nahita, erabakia askatasunez hartuta izatea etxekoandre, ez neskame, sarritan gertatu ohi den bezala. Zuk zortzi orduko lana egiten baduzu bulegoan edota tailerrean Luixito laztana, neuk ere hori egin beharko nuke, ezta?
Beste aitorpen bat bukatzeko: gorroto diot lisatzeari, ez zait hautsa kentzea gustatzen... Inor ez da perfektoa!!
zirimola bis | 2010-03-12 - 20:00:35 GMT 1 #
Nolakoak garen emakumeak? Guk ez ditugu etxeko zereginak egin nahi, ulergarria da, baina etxeko zereginak edo gure seme-alabak zaintzeko pertsona kontratatzeko orduan emakumea aukeratzen dugu. Beraz emakumeok ez dugu adibidez praktikatzen. Kontu horiekin emakumeengan konfiantza handiago daukagu. Denbora pasatu ahala suposatzen dut berdinduko dela, orain gizonak gai honetan atzeratuta daudelako.
Baina kontuz gizonekin, zenbaitek emakumeekin gero eta antza handiago daukate, batzuek titiak ere dauzkate eta orain etxeko zereginak ere badakizkite eta garrantzitsuagoa dena sexu harremana edukitzeko desio asezina. Beharbada emakumeok alde batera utziko gaituzte eta horrek beldurtzen nau.
likitsa | 2010-03-15 - 14:56:47 GMT 1 #
gauza asko bezala, hau hezkuntza arazoa da.zenbat aldiz etxeko gizona sukaldean sartuta eta afaria edo bazkaria prestatu nahian entzun behar izan du horrelakoren bat?: "baina, nola ari zara patatak zuritzen? patata erdia galtzen duzu eta"... eta abar eta abar eta beti emakumeak,azken hitza ahoan,klasikoa den esaldi honekin sukaldetik botatzen zaitu:"ala, kendu hortik, bestela gaur ez dugu bazkalduko" Dena den, gaur egun gero eta honelako emakumeak gero eta gutxiago daude(zoritxarrez);gaurko emakumeek etxetik kanpo lan egiten dute eta etxeko lanak bikotekideen artean banatu behar dira, baina, ohiturak aldatzen ari diren arren, EMAKUMEAk beti, beti izango du barneratuta etxekoandre lanbidea. Desberdinak dira, apartekoak ere bai!
Oianijó | 2010-03-15 - 20:57:34 GMT 1 #
Argi dago emakumea maila gorenekoa dela; ez da, maiz esaten den bezala, genero ahula, gizonak bere esanetara jartzeko abildade itzelak, besteak beste, frogatzen duen moduan.
Jende guztiak dakienez, emeak beste inork ez dauka bi gauza aldi berean egiteko gaitasuna. Eta hori ondo aprobetxatu beharko genuke munduaren garapena bikoiztu zedin.
Beraz, emakumeek gauza asko egin lezakete aldi berean inolako arazorik gabe, adibidez, lantegian egon umeak zaintzen dituen bitartean, eta gizonak etxean egon litezke bazkaria prestatzen edo etxea txukuntzen (hori bai, gauzak banan-banan eginez).
Kontua orekatzeko gidatzen duten bitartean sakelekoa erabiltzeagatik ez nieke emakumeei punturik kenduko.
Zakilote | 2010-03-21 - 12:54:56 GMT 1 #